Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Saioa Alkaizak lortu du Iruñeko finalerako lehen txartela, Altsasuko saioan

Altsasuko Iortia kulturgunean jokatu da gaur arratsaldean Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa. Honakoa izan da sailkapena: Saioa Alkaiza (506,5), Saats Karasatorre (470,5), Sarai Robles (468,5), Eneko Fernandez (465), Ekhiñe Zapiain (464) eta Patxi Castillo (445,5).

Saioa Alkaiza, larunbat honetako saioan.
Saioa Alkaiza, larunbat honetako saioan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Altsasuko Iortia kulturunean jokatu da gaur Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa. Bilboko hitzordua eta Palestina oso presente zeudela, 250 bertsozalek jantzi dute plaza. Azkenean, Saioa Alkaizak bildu ditu puntu gehien eta bera da lehen finalista. Hain justu Alkaiza da egungo txapelduna eta lehen agurrean aitortu duenez, txapela «zementuzkoa» bihurtu zaio eta zama sentitu du txapelketan zehar. Gaurko saioan ez da lasai-lasai aritu, igarri zaio presioa, baina azkenean lortu du bere bertsokera zorroztu eta lehen tokia lortzea. Puntuazioa entzutean ederki sumatu zaio nolako lasaitua hartu duen. Ea finalera pisua erantsita joatea lortzen duen.  

Zortziko nagusian Saats Karasatorrerekin egokitu da. Bilboko manifestaziotik bueltan, autobusean, kokatu ditu gai-jartzaileak. Alkaizak hiru arrazoi sendo josi ditu: «Ta orain bueltan segi lanean euskara mintzatu ahoz/ euskal hiztuna euskal herrian ez dadin sentitu arrotz»; «ados aldatu behar gara gu, baina legea da liskar/ ardura ezin baitugu utzi norbanakoaren bizkar»; «gurpil gainean ez doa euskara ta galdetzea erraza/ Bilbon bidea hasi dugu ta zein da hurrengo urratsa».

Karasatorrek ere asmatu du gaiari punta ateratzen. «Bide onetik ote goazen ez dut ikusten seguru/ autobus hontan euskaldunak e erdaraz entzun ditugu», bota du adibidez.    

Sarai Robles izan da hirugarrena, Karasatorreren puntuetatik oso gertu. Oso saio erregularra osatu du, zortziko nagusian oso goitik hasi da eta gainontzeko ariketetan ere fin. Hamarreko txikian, adibidez, bikain aritu da Ekhiñe Zapiainekin elkarlanean. Gurasoak biak, seme-alabak etxetik aspaldi joanak diren arren, arropa zikina garbitzera etxera ekartzen segitzen dute. Saraik guraso babeslearen papera bikain josi du; «guk labadoratxo bat jartzearen truke/ astero bisita bat egiten badute», bota du bigarrenean. Eta errematea, «baina pagaren gisan zirenean nerabe / nik garbituko diet zuri esan gabe».

Eneko Fernandezek agur txapelketari

Ekhiñek ere ederki eutsi dio hamarreko txikian Roblesi. Orokorrean oso saio ona egin du Zapiainek, fresko, argi, zorrotz. Eta ganbarakoan perla ederrak utzi ditu.  

Hauxe zuten ganbarako ariketarako gaia: Zure parekoaren begietan gaur zoriona sumatu duzu. Ekhiñek bizitzaren parte bat elkarrekin egin duen bikotea aurkeztu digu. Azkenean, beren arteko korapiloaz hitz egin dute. Hauxe, hirugarrena: «Nahiz izan garen hainbat urtetan gu elkarren babeseko/ nahiz ta txakur bat hartu genuen ta orain daukagun etxeko/ korapiloa askatze hori ez dugu izan kalteko/ nahiz hasieran gaia atera ta nintzen beldurrez lepo/ zorion ona konpartitua daukat zerorren antzeko/ nirekin ongi bizi zaitezke baina ni gabe hobeto».

Puntutan Zapiainen aurretik geratu da Eneko Fernandez, txapelketan eskarmentu handia duena. Gaur txapelketaz agurtu da amaieran. Eta sailkapenean azkena Patxi Castillo, plaza gozatzea lortu duena. Hurrena, Agoitz.