Baketik-ek dio «ahanzturaren arriskuari» aurre egin behar zaiola

Bizikidetza eta berradiskidetze prozesuak beharrezko direla eta lehentasuna dutela azaldu dute

Pello Sarasua, Jonan Fernandez eta Marina Goikoetxea Baketik-eko kideak, atzo, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
«Bakerako bizikidetza kultura berri bat sustatzeak lehentasunezkoa dela ahazteko arriskuari egin behar dio aurre». Berradiskidetze eta bizikidetza kulturaren inguruko kezka agertu zuten Baketik-eko Jonan Fernandez, Pello Sarasua eta Marina Goikoetxea kideek, atzo Bilbon egindako agerraldian.

Sorreratik, eta batez ere azken 12-13 hilabeteetan, Baketik-en lana«dibulgazioa» izan dela adierazi du Jonan Fernandez elkarteko zuzendariak. Gizartean berradiskidetze prozesuaren beharra azpimarratuz eta edukiak zabalduz, hain zuzen. Lan hori lau arlotan egin du elkarteak; dibulgazioan, helduen formazioan, udalei begirako aholkularitza lanean, eta heziketan.

Orain arte egindako lanaren balantze positiboa egin du Baketik-ek. Dena dela, etorkizun hurbilari so eginez, Baketik-en jarduerak jarraipena behar duela azpimarratu du Fernandezek. Hori hala izango ez balitz, arrisku bat ikusten dute elkarteko kideek: ahaztea; bizikidetza kultura berri baten beharra eta berradiskidetzearen beharra ahaztea, hain zuzen ere. Bi faktore hartu dituzte kontuan baieztapen hori egiteko. Batetik, ahazteko inertzia «naturala» dela azaldu du, antzeko prozesuetan ikusi ohi da, eta indarkeriaren amaierak dakarren «erlaxazio sozial eta politiko logikoan du jatorria» joera honek. Bestalde, egun, gizartearen, politikaren eta komunikabideen kezka handiena krisi ekonomikoa izateak ahanztura horri bidea errazten diola ohartarazi du Fernandezek.

Gizartean bizikidetza eta berradiskidetze kultura berri bat sustatzeak lehentasuna duela jakinarazi du Fernandezek. Baina,lehentasun hori, bigarren plano batera igaro daitekeela, «bigarren mailako ondorio kaltegarriak ekarriz». Azken hamarkadetan bizitakoak ezin direla ahaztu esan du, «indarkeria, giza eskubideen etengabeko urratzea, zatiketak eta krispazioa». Bizipen traumatikoak gizartean txarto onartzeak etorkizuneko erreakzio ez desiragarriak sorrarazi ditzake, beraz, gizarte zein politika mailako elaborazioa eta bideratzea ezinbestekoa da. Baketik-eko kideen ustez, lehentasunezko eremuak dira udal eta hezkuntza politikak, eta hurrengo zortzi edo hamar urteetan horri guzti ari lehentasuna eman behar zaio.

Bizikidetzarako ekimenak

Helburu horiek guztiak aurrera ateratzeko xedearekin, Baketik-ek hiru ekimen abian jarriko dituela jakinarazi du Fernandezek. Gizartearen bizikidetza eta berradiskidetze kultura berri bat bultzatuko dituzten politikak bultzatzeko programa proposatuko die udalei. Urtero bezala, urtarrilean, 2013 Indargunea dokumentua aurkeztuko dute udal zein hezkuntza eremuetan, gai horretan konpromiso zehatzak garatzeko proposamenarekin. Urtarrila eta otsaila bitartean, bizikidetza kultura berriarekiko konpromisoari buruzko ikastaroak eskainiko dituzte Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.