Aguazila jarriko du Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko api. 15a, 12:00

Udalak legealdia hasi zenetik zuen udaltzaina jartzeko asmoa. Halaxe azaldu du Asier Agirre alkateak: "Legealdi hasieratik udaltzain baten beharra ikusi du Udalak, orain arte Udalak bete dituen funtzio batzuk betetzeko eta oraindik betetzen ez diren beste eginbehar batzuk betetzeko". Deialdiaren oinarrietan jasotzen denez, aguazil balio anitzeko langile plaza da Udalak bete gura duena.

Izan ere, egun Udalak betetzen dituen hainbat eginbehar udaltzain batek egin ditzakeela uste du udal gobernuak. Esaterako, udal mezularitzaren banaketa eta udal instalazioen mantentze kontrola. Azken horien artean egongo lirateke ur sareak, saneamendu sareak, errepideak eta eraikinak, besteak beste. Bada, Udalak horien guztien kontrol minimo bat eramateko pertsona baten beharra ikusten du. 
Ardura horiez gain, egun betetzen ez diren beharrak ere bete beharko lituzke udaltzain berriak. Adibidez, ospakizun ezberdinetan edo jendetsuak diren ekitaldietan autoen zirkulazioa bideratu eta haien antolakuntza lanetan laguntzea, obra txikien –Aramaion hainbat lan egiten dira Udalak kontrolatzen ez dituenak– kontrola, mendietako bide publikoen jarraipena, udal zerbitzuetako kontuen kudeaketa –lorategiak, kale garbiketa...–. 

Beharren araberako ordutegia 
Hala, Agirrek dioenez, zinegotziak euren borondatearen arabera betetzen dituzten hainbat eginkizunez libratuko dira. Horrek zinegotziek udal kontuetarako denbora gehiago izatea esan gura du.
Plaza bakarra aterako du Udalak eta udaltzain berriak egun osoko jarduna izango du. Hori bai, larrialdi kasuetan, eguneko 24 orduetarako prestutasuna izatea eskatzen dute deitzaileek. Hau da, lan jarduna eguneko eginkizunen arabera zehaztuko da. Honela azaldu du Agirrek: "Arratsaldean hileta elizkizunetara joan behar bada goizean hartuko du jai, hau da, eguneko eginkizunen arabera antolatuko da bere lan jarduna". Noski, deskantsurako egunak izango ditu.

Isunak oraingoz ez, baina izango du abisua emateko eskumena
Aramaioar asko kexatu dira askok gaizki aparkatzen dutelako. Bada, aguazil berriak, printzipioz, ez du isunik jarriko baina eskumena izango du gaizki aparkatuta dauden autoen berri Ertzaintzari emateko, gero ertzainek isuna jar dezaten. Udalak erabaki du hori bere ardura izango dela: "Udalak jartzen dituen isunak sinbolikoak dira eta udaltzainari herritarrek dioten errespetuaren arabera neurriak hartuko ditugu. Oso garrantzitsutzat jotzen dugu kale batzuk  oinezkoendako egin direla, zirkulazioa mugatzea edo aparkaleku batzuk egokitzea erabaki denean hori errespetatzea. Eta hori errespetatzen ez duena kontsekuentea izan dadila", azaldu du alkateak. Interesatuek plazaren gaineko informazio gehiagorako baldintza-agiria kontsulta dezakete udaletxean.

Herritarren iritziak

itziar Bengoa: "Aramaion udaltzaina izatea beharrezkoa da. Bi adibide jarriko ditut: askok edozein tokitan aparkatzen dute eta txakur kakak ere nonahi aurki daitezke."

Gorka Urbina: "Ez dago beharrik, baina jartzen bada ez naiz kexatuko. Gaizki aparkatzen dugu auto gehiegi daudelako herri txiki honetarako; udaltzaina jartzeak ez du hori konponduko."

 

Blanca Mendialdua: "Ondo ikusten dut. Askotan falta da nori deitu edozein arazo dagoenean. Adibidez, istripu baten lekuko izan nintzen eta ez nekien nori deitu. Hutsune hori badago."

Jose Parra: "Udaltzaina izatea beharrezkoa dela uste dut. Udaltzain gabeko herria txakur gabeko baserria dela esango nuke. Nik pertsonalki ez dut behar, baina herri batek behar du."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak